Euskadik sustrai sakoneko industria-tradizioa du eta sektore honi lehiakortasun handia aitortu izan diote Europa mailan. Industria, hainbat hamarralditan, gure ekonomiaren zutaberik indartsuenetako bat izan da. Lehiakortasun maila horri bere horretan eusteko, Eusko Jaurlaritzak azkeneko hiru hamarraldi hauetan zenbait neurri hartu ditu kalitatea, berrikuntza eta teknologia hobetzeko xede argiarekin; zientzia eta teknologia arloko politikak abiarazi ditu egungo industria-egitura bultzatzearren eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko prestatzearren.
Berrikuntza-sisteman esku hartzen duten eragile guztien ahalmenak nazioarteko testuinguruan gauzatzen ahalegintzeko estrategia batzuk diseinatu dira, ekonomia haz dadila eta zientzian eta teknologian oinarritutako etorkizuneko sektoreetara zabaldu dadila bultzatuz, gizarte, orokor dinamiko eta konplexu baten premia berriei erantzun ahal izateko.
80ko hamarraldian, indar bultzatzaile nagusia Berrikuntza zelarik, industriaren birmoldaketa bat gauzatu zen, eta horrek, azpiegitura teknologikoak eta plangintza estrategiko bat garatzea ekarri zuen, enpresa alorrean I+G bultzatuko zuena.
1981. urtean, Eusko Jaurlaritzak SPRI eratu zuen (Industriaren Sustapen eta Birmoldaketarako Sozietatea - Sociedad para la Promoción y Reconversión Industrial, www.spri.es), eta erakunde honek Euskadiko enpresaren alorrera bideratzen du bere jarduera, Ekintzailetza, Berrikuntza, Hazkuntza eta Nazioartekotzea xedetzat duten ildo estrategiko batzuen bidez. 1985. urtean gauzatutako beste jarduera bat Bizkaiko Teknologia Elkartegia sortzea izan zen, eta bertan, hainbat enpresa eta teknologia-zentro kokatu ziren. Espainiako Estatuan aitzindaria den eredu hau hiru lurraldeetara zabaldu da, eta hala, Euskadiko Teknologia Elkartegien Sare bat sortu da. www.rpte.net
90eko hamarraldian Euskadiko industria-sektore nagusiak “clusterrak” sortzen hasi ziren (sektoreko erakundeak), sektoreko enpresen artean eta enpresa horien eta hirugarrengoen artean teknika eta merkataritza arloko lankidetzan oinarritutako industria bat garatzeari begira. 90eko hamarraldian, halaber, teknologia-zentroak bultzatu zituzten, eta hamarraldi bat geroago, bi elkarte handi sortzea eragin zuen horrek, hots, IK4 (www.ik4.es) eta TECNALIA (www.tecnalia.com). Enpresen lehiakortasunean, balio handiko sektoreen dibertsifikazioan, kultura berritzailean eta Euskadiko Berrikuntza Sistema nazioartera zabaltzeko jardueran ezarriak ditu bere begiak Zentroen estrategiak.
Era berean, 1997. urtean, Eusko Jaurlaritzak bultzaturik, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarea sortu zen, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza enpresen lehiakortasuna hobetzeko eta Euskadiko Autonomia Erkidegoaren garapen ekonomiko eta sozialari laguntzeko bitarteko gisa erabil daitezela sustatzen duten erakunde publiko nahiz pribatu guztien ahaleginak bateratzeko asmoz. 2007an, sare hau Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziaren barruan txertaturik geratu zen.
Euskadiko Bigarren Eraldaketa Ekonomiko eta Soziala gidatzeko helburuarekin sortu zen agentzia hori. Innobasque, jakinik berrikuntzaren eragileak pertsonak direla, talentuaren aldeko apustua egin du, ezagutzan eta berrikuntzak egiteko ahalmenean oinarritutako eredu sozio-ekonomiko berriaren ardatz nagusi gisa harturik, horixe baita 2030. urteko berrikuntzaren erreferentzia horretan Euskadi eraldatzeko funtsezko gakoa.
Apustu horrez gain, 2000. urtetik aurrera, garrantzi handiko ekimen eta proiektu ugari garatu dira Euskadin, Herrialde Berritzaile baten benetako eredu izan dadila erdiesteari begira.
Alde batetik, bizkaia:xede (www.bizkaiaxede.org) ekimena dugu, 2004. urtean eratua, irabazi-asmorik ez duen elkarte baten izaera duena eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Sustapen Ekonomikorako Departamenduaren mendekoa, Bizkaian kokatuta dauden enpresa eta unibertsitate garrantzitsuen talde batekin elkarlanean garatua. Horren eginkizuna kualifikazio handiko pertsonak atxikitzeko, erakartzeko eta lotzeko baldintza eta prozesuak bultzatzea eta erraztea da, Bizkaiko erakundeen berrikuntza eta ezagutza aurreratuaren alorrak sustatuz.
Beste alde batetik, 2006. urtearen amaiera inguruan, Ikerbasque Fundazioa sortu zen (www.ikerbasque.net). Horren helburua, hain zuzen ere, Euskadin ikerketa zientifikoaren garapenean, zientzia, humanitate eta teknologiaren alorreko ikerketa eta ezagupenak sustatzen, bultzatzen eta garatzen laguntzea da, ikerlarien talentuak erakarriz eta bertan atxikiz.
Ikerbasque Fundazioaren zereginetako bat Zientziaren Euskal Sistema indartzea eta garatzea da, BERC (Basque Excellence Research Centers) izeneko ikerketa-zentro berriak sustatuz, Euskadiren irudia Ikerketaren Nazioarteko testuinguruan erreferentzia gisa sustatzearren.
Azkenik, 2007ko uztailean, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Kontseilua sortu zen, Euskadin zientzia, teknologia, ikerketa eta berrikuntzaren inguruan ditugun politiketan parte hartzeko, aholkuak emateko eta lidergoa izateko organorik gorena bilakatzeko xedez.
Innobasque, Ikerbasque eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Kontseilua dira Euskadiko ikerketa eta berrikuntzaren alorreko politikak gidatzen dituzten hiru zutabeak, “berrikuntzaren euskal hiruhortza” izenez deitua.
Hamarraldi hau, halaber, nabarmendu egin da Ikerketa Kooperatiboko Zentroen (IKZ) eraketan eramandako politikagatik; zentro horiek oinarrizko ikerketa nola ikerketa aplikatua garatzeko sortu dira, hau da, horien eginkizun nagusia lortutako emaitzak ustiatzea eta industria-ehunari helaraztea da, spin-off, patenteak eta lizentziak bezalako bitartekoen bidez.