Guía para vivir y trabajar en Bizkaia

 

Asmakizunen Babesa: Jabetza Industriala

Patente bat asmakizun baten gainean ematen den eskubide esklusiboa da; alegia, oro har, zerbait egiteko modu berri bat edo arazo batentzako konponbide tekniko berri bat dakarren produktu edo prozedura baten gainean ematen den eskubidea. Asmaketa-jarduera baten emaitza diren eta industrian erabil daitezkeen asmakizun berriak dira patentagarriak. Patentagarria izateko, asmakizunak ondorengo hiru oinarrizko baldintzak bete behar ditu:

  1. Mundu mailan berria izatea
  2. Asmaketa-jarduera baten emaitza izatea
  3. Industrian erabiltzeko modukoa izatea

 

Honako hauek ez dira patentagarritzat jotzen: aurkikuntzak, teoria zientifikoak, metodo matematikoak, literatura-lanak, lan zientifiko edo artistikoak edo beste edozein sorkuntza estetiko, eta adimen-, jolas- edo ekonomia- eta merkataritza-jarduerak burutzeko arauak eta metodoak.

Asmakizun baten patentea eskatu aurretik asmakizun hori ezagutarazten bada, ez da berritasuntzat joko eta ezingo da patentatu. Beraz, patente bat eskatu nahi bada, ezinbestekoa da patentea eskatu arte itxarotea asmakizun horri buruz edozer esateko (biltzar batean, argitalpen espezializatu batean, Interneten, etab.).

Patenteak Patenteen bulego nazional batek ematen ditu (Espainian, Patenteen eta Marken Espainiako Bulegoak: www.oepm.es), edo hainbat herrialderentzat lan egiten duen Eskualdeko bulego batek, adibidez Patenteen Europako Bulegoak (EPO) http://www.epo.org. Sistema europar honek babesa jasotzea ahalbidetzen du, patenteen bulego bakar batean (EPO) patente europarraren eskaera aurkeztuta. Patente europarraren eskaera Patenteen Europako Bulegoak izapidetzen du. Eskaera onartzen denean, patente nazional baten ondorio berberak izango ditu patente horrek eragina duen Estatu bakoitzean.

Lana enkargu baten emaitza baldin bada, enkargua egin duena izango da eskubidearen titularra, ez egilea.